2012/05/04



EUSKAL HERRIKO OHITUREI BURUZKO BIDEOA

Euskal herriko ohituretako bat da eguberri egunean baserritarrez jantzi eta kalera irtetea elkarrekin abestuz. Egun oso polita izaten da eta primeran pasatzen dugu.
Bideo honetan prestaketa lanak ikus daitezke.
EA GUSTOKO DUZUEN!!!

2012/04/23

IKT-AK AIREBERRITZEKO AITZAKIA

Ikt-ak gaur egun geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gure gizartean. Horren adibide gisa eskoletan ikus dezakegu. Hainbat eta hainbat modu ditugu lan egiteko: Podcastak, Moodle, Mapa kontzeptualak, Blogak... Aukera hauek gure lana errazten dute eta ikasleen aktibotasuna garatzen du.

2012/04/20

Internet eta eskola

Hemen daukagu "Internet eta eskola" izenburua duen artikulu baten mapa kontzeptuala. Bertan, sareari, Web 2.0 ari buruz hitz egiten du, teknologietaz haratago joanez. Teknologia berriak hezkuntzan duten aplikazioa azpimarratzekoa da, interneteko hainbat tresnen bidez (wikiak, blogak...)edukiak landu daitezkeelako. Horretarako, haurrak txikitatik IKT tresnetan eta erabilera egokian alfabetatzea komeni da. Horren adibide, bloga da eta guk tresna horren bidez aukera asko luzatzen ari dizkizuegu, mapa kontzeptual hau besteak beste.

2012/03/04

Inauteriak eta gabonak

Euskal Herrian hainbat ospakizun egiten dira baina denak aipatzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu, beraz, guretzako garrantzitsuak diren bi ospakizunen inguruan arituko gara, INAUTERI ETA GABONEN inguruan  hain zuzen ere.
Zer iruditzen zaizue?

INAUTERIAK

Zer dira inauteriak? Noiz ospatzen dira? Zergatik ospatzen dira?

Leku guztietan berdinak al dira?

Ba al dakizkizu galdera hauen erantzunak?

Goazen aztertzera nolakoak diren gure inauteri tradizionalak.

ANIMO!!!
Ihauteri, inauteri, aratuste, karnabal, zanpatzar... modu askotara deituak izan dira mozorroz, musikaz, dantzaz, janariz eta edariz bustitako egun hauek.
Euskal Herriko herri askotan ospatzen diren egunak dira, abenduan hasi eta martxora arte.
Gure proposamena zentzu horretan doa. Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen diren inauterien berri luzatu nahi dizuegu. Honetarako HIK HASI aldizkariko artikulua erabili  dugu, hainbat lekutako iñauterien nondik norakoa primeran azaltzen baita. Amaieran link-a ipini dugu bertan klikatu eta informazio gehiago eskura baitezakezue.
Bertara hurbiltzeko aukera aprobetxatu nahi baduzue, jakin dezazuela noiz joan eta zer ikusiko duzuen, baina gu Gipuzkoarra izanik, gehien gustatzen zaizkigunak Tolosako inauteriak direla  esan behar dizuegu, beraz hauetara joan giro paregabea izaten baita bertan eta primeran pasatzen da.
Hasiera batean udaberrian ospatzen ziren inauteriak, berriz, Erdi Aroan  Eliza Naturaren gainetik jarri zen eta inauterien zentzua aldatu egin zen. Elizak Bazkoari eman nahi izan zion garrantzia eta inauteriak Garizuma aurrera pasa zituen.Egunak aldatzeaz gain, Elizak inauteriak berak ere aldatu zituen lege gogorrak ezarriz.
Gaur egun inauterien zentzua liberazioarena da. Batzuk aspaldiko elementu sinbolikoak gorde dituzten inauteri folklorikoak dira eta beste batzuk hiriko inauteri modernoak.
Beraz, denboran zehar inauteri egun hauen zentzua aldatu egin da. Hala ere, hainbat eta hainbat herritan garai bateko pertsonaiak eta ohiturak mantentzen dira.

Jarraian Zuberoako, lantzeko, Tolosako eta Ustaritzeko inauterien inguruan ibiliko gara nahiz eta beste hainbat herrietan ere ospetsuak diren inauteriak. Baina beste herrietako informazio gehiago nahi baduzu amaieran helbide bat duzu eta bertan klikatu ezkero aukera izango duzu informazio gehiago eskuratzeko.
Zuberoako maskaradak
Zuberoako Maskaradak urtearen hasieratik Astearte Inauteri eguna bitartean ospatzen dira. Ospakizun honetan dantza eta antzerkia dira jarduera nagusiak, hauek baitira Maskaraden elementu nagusiak. Egun eta herri ezberdinetan eskaintzen dute funtzioa.
Maskaradako pertsonaiak bi taldetan banatzen dira. Lehenengoak garbi eta dotore jantzita egoten dira eta gorria da euren arropetako kolore nabariena. Talde honetakoak dira Txerrero, Artzaina, Gatuzain, Kantiniersa, Zamaltzain, Zikiratzaileak, Ferratzaileak, Kukulleroak, Jaun eta Anderea, Laboraria eta Etxekoandrea.
Gorrien taldearen ondoren musikariak joan ohi dira eta hauen atzetik beltzak. Zarpain eta zikin jantzita joaten dira talde honetakoak: Ijitoak, Berzkinak, Zorrotzaileak, Eskaleak...
Maskaraden antzezpena egun osoan zehar luzatzen da. Goizean, herrira iristean, gorriak dantzan eta beltzak bazterrak nahasten hasten dira kaleetako barrikadak gaindituz. Herriko pertsonaia garrantzitsuak edo ospetsuak bisitatuz ibiltzen dira. Bitartean, beltzek Zamaltzaina amorrarazten dihardute eta Zirikatzaileak ere harrapatu nahian dabiltza.
Enparantzara heltzen direnean gorriak dantzak egiten hasten dira. Dantzarik nagusiena Bralia eta Gobalet-dantza (baso ardoaren gainera salto egiten dena) dira.
Ondoren funtzioak datoz. Zati honetan, pertsonaia bakoitzak bere ofizioa antzezten du.
Urtero-urtero herri ezberdin bateko herritarrek prestatzen dituzte Maskaradak, eta aurten Idauze-Mendikoei egokitu zaie.
Ustaritzeko ihauteriak
Lapurdiko herri honetan Kaskarot eta Zanpantzar egunak dira ihauteri egunak. Kaskarot eguna bi igandez ospatzen dute: Igande Ihauterian eta horren aurreko igandean. Etxez etxe diru eskean, jan eta edaten eta etxeetara sartuz ibiltzen dira ihauteri hauetako pertsonaiak. Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorriak dira ezagunenak. Kaskarotak dira izatez dantzariak. Alkandora eta galtza zuriz janzten dira, galtzen bi alboetan koloretako zintak josita eta gerriko zabal morea. Eraztun batekin lotzen den lepoko gorria eta txapel bordatua izaten dute. Eskuetan bina makilatxo eramaten dituzte. Hamarren bat mutil izaten dira eta hasieran joaten dira, musikariak atzetik dituztelarik.
Ondoren Ponpiera eta Kotilungorriak doaz. Ponpiera antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria eramaten du eta eskuetan sorgin-artaziak.Kotilungarriak dira denetan ikusgarrienak, bi direlarik. Gona gorria dute galtza zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloretako amantala, honen poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramatelarik. Eskuan makila bat eramaten dute, bertatik zintzilik behi-buztana dutelarik. Buruan txano luze piramidala daramate eta gerrian zintzarri ugari. Aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia edukitzen dute, ahoa eta begiak bistan dituztelarik.
Pertsonaia hauek haurrak izutzen ibiltzen dira eta etxekoek emandako eskudirua ere biltzen dute.
Guztiak sei orduz ibiltzen dira etxez etxe, eta ondoren, txokoren batean biltzen dira jasotakoa jatera
Astearte Ihauterian, berriz, Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da gurdi batean Ustaritzeko kaleetan zehar. Lastoz betetako panpina handia da. Herrian zehar ibili ondoren epaitu, kondenatu, fusilatu eta erre egiten dute.
Tolosako inauteriak
Tolosako inauteriak ospe handikoak dira. Ez dira herri txikietako inauteriak bezalakoak, hiri handietakoekin antza handiagoa dute. Izatez Igande Inauteri egunean hasten dira eta Astearte arte irauten dute. Hala ere, aurreko hiru egunak, hots, Ostegun Gizen, Ostiral Mehe eta Zaldunita bezpera prestaketa egunak izaten dira. Txilabak, txarangak, danborrada, zezenak, dantzak, musika eta umorea present izaten dira egun hauetan. Eta hortik aurrerako hirutan, are eta gehiago.
Asteartean aldatzen da giroa, egun hori hileta eguna izaten baita. Sardina ehorzten dute eta denak lutu-jantziekin joaten dira. Amaiera triste honekin bukatzen dira musikaz eta festaz betetako bost egunak.
Lantzeko inauteriak
Astelehen eta Astearte Inauterietan ospatzen dira inaute egunak Lantzen. Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira. Miel Otxin lastoz egindako hiru metro inguruko erraldoia da. Bi pago adarrez osatua dago; bata besoetarako, eta bestea hanketarako. Txapela darama buruan, kartoizko aurpegikoa eta zapia lepoan. Brusa loreduna eta galtza urdinak izan ohi ditu gomazko polainetan bildurik. Txantxo batek eramaten du sorbaldan festak iraun arte. Zaldiko zaldi-gizona da. Gaztea da, segalarien lasto txapelaz burua estalia, begiartea ikatzez beztua eta gerri azpitik egurrezko armazoia, aurrealdean zaldi-burutxoa zutik duelarik. Atzealdean benetako abere isatsa darama zintzilik. Ziripot izenekoa da pertsonaiarik aldrebesena eta farregarriena. Buruan kapela, aurpegi estalia eta gorputza belar eta iratzez trinkotutako zakuan sartua du. Bere ibilera baldarrean makila du lagun. Txatxoak era ezberdinetara janzten dira baina beti koloretsu. Eskuan erratza edo makila daramate, aurpegia estalita eta buruan koloretako kapela konikoak. Ferratzaileak hiruzpalau izaten dira. Gorputza zakuzko telaz estalia izaten dute eta beren lanbideari dagokion tresneria daramate eskuan.
Festa Astelehen Inauterian hasten da. Miel Otxin doa jendetzaren buruan. Ziripot traketsa, oinez egin ezinik dabil, makila baten laguntza duelarik horretarako. Txatxoek oihu eta dantza egiten dute. Zaldiko, Ziripot lurrera botatzen saiatuko da. Ziripot behin eta berriro eroriko da lurrera. Zaldiko Ziripoti hurbiltzen zaion bakoitzean, Txa-txoek defendatuko dute. Halako batean Txatxoek Zaldiko harrapatzen dute eta Ferratzaileek ferratu egingo dute.
Hurrengo egunean, Astearte Inauterian, ez Ziripot eta ez Zaldiko ez dira kaleratzen. Miel Otxin da egun honetako protagonista nagusia. Enparantzara eramaten da Txatxoez inguraturik eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute bere gorputzarekin. Ondoren, zortzikoa dantzatzen dute suaren inguruan.
OLENTZERO EGUNA

 Egun bereziak batzuentzat, ezer berezirik esaten ez duten jai egunak besteentzat.Jan eta edan gogotik etxe gehienetan. Neurririk eta askotan zentzurik gabeko erosketa mordoa data jakinetan. 
Toki ezberdinetan izen ezberdinek izendatzen dute tradizio bera: Onentzaro Andoainen, Olentzaro Orexan, Lesakan eta Arakilen; Olentzero Beran, Irunen, Oiartzunen eta Donostian; Orantzaro Berastegin eta Larraunen; tradizio hau Gipuzkoako Beterrin eta Nafaroako Bidasoa inguruan agertzen da. Xubilaro enborraren aldia deitzen zaio Arakilen; Suilaro Saran, Suklaro Saraitzun; Galerre Alegian eta Agurainen; Putierre Amaritan. Izen honen esanahiaren gainean eztabaida aurkitzen badugu ere, Barandiaranen esanetan izen hauek, bai panpinenak bai Gabon-gaueko eta Gabon-zaharreko suenak, Gabon-gauean erretzen den enborrarekin zerikusia dute.
Toki batzuetan mutiko bat jazten dute ikazgile bezala, beste batzuetan  Olentzaro lastoz eta trapuz eginiko panpina bezala agertzen zaigu, baina toki guztietan eskearekin batera, kantatu egiten da
Lesakan eskaria egin ondoren erre egiten da.

Egun hauetan etxeko txikiak urduri egoten dira, Olentzero etortzen baita gauean. Haurrek Olentzerori eskutitza idazten diote beraiek nahi duten oparia eskatzeko eta beti esan ohi diegu txintxo portatu behar direla urte osoan zehar, bestela Olentzerok ikatza ekarriko diela.

Aste bat lehenago hasten gara etxean jaiotza jartzen ilusio handiz.Jaiotzako paisaia antolatzea ere gustuko lana da  gure etxean. Goroldioa erabiltzen dugu  zelaiak irudikatzeko. Goroldioa bildu eta gero, ondo lehortzen uzten dugu  lehenengo.  Gure etxean jaiotza jartzen hasi baino lauzpabost egun lehenago joaten gara biltzera. Jaiotza generalean etxearen sarreran jartzen da , baina barruan jartzen duenik ere bada. Jaiotza jartzeaz gain, Gabonetarako etxea apaintzeko ohiturarik dago eta zuhaitza kolore askotako bola, zinta eta argiz apaintzen da.

Bestalde etxeko sukaldeetan ere lan eta lan egoten dira helduak, egun hauetan ederki jateko ohitura baitago. Arkumea. turroia e.a.
ZE  EGUNAK!!!!!!







·         INAUTERIAK
·       GABONAK

,

2012/03/03


TALOAK

Euskal jatorriko jakia da, arto irinez egindako ogi zapal borobildua.
Taloa
Taloaren sorrera:
 Amerika aurkitzean artoa ekarri zuten handik, eta hura landatzen hasi ziren. Urte batzuk beharko ziren landaketa hedatzeko, eta askoz gehiago haren irina ogia edo opilak egiteko erabiltzeko.    
  
Fruitu horrek herrian zegoen behar handia bete zuen, eta poliki-poliki alea ganadua elikatzeko erabiltzen hasi ziren, irinak artatxiki-ogiaren tokia hartu zuen, eta horrenbestez gosearen arazoa leundu egin zen.
Artoa kontsumitzeko bi era izan dira Euskal Herrian: artoa esaten zaion ogi modukoa eta taloa. Artoa deritzon ogia egiteko ura eta artoa erabiltzen dira, hartzigarririk ez, eta labean egosten da. Taloak osagai berberak ditu, baina ogi mehea da.

Baserri askotan katilukada esne arto edo taloarekin izaten zen eguneroko afaria. Artoa edo taloa bigun-bigun gelditzen zen esnetan bustita.

Gure aitona-amonen arabera, afaritan bazkarian gelditutakoak jaten zituzten, edo taloa (artoa ogi mehe-mehe eginda) sardina zaharrekin, hirugiharrarekin edo besterik gabe esne berotan eta azukrearekin.

Baserrietan arto-ogi asko jaten dute oraindik ere. Ogi edo opil horiek bi motakoak izaten dira: batzuk labean egosten dituzte, ogia bezala, eta artoa esaten diete; besteak, berriz, meheagoak dira eta sukaldeko su gainean egiten dira, burdinazko pala zirkularren gainean, eta horiek taloak dira.


Taloa nola egin
  • Osagaiak: 350gr artirina, 250ml ura eta gatz piska bau
  • Prestaketa:Jarri artirina ontzi zabal batean, artirina baztertuz erdian zulo bat egin eta erantsi pixkanaka ur beroa, gatz pittin batekin. Erantsi ura, irinak eskatu bitartean. Landu eskuekin.
          Atera esku-pilota tamainako bolak eta kolpatu, pixkanaka, talo biribil eta fin-fina bihurtu arte.   Zartatzen bada, lasai: landu gehiago. Gorritu taloa alderdi bietatik, tolestu aurretik, ipini bertan txorizo egosia, gazta guria, antxoa gaziak, eztia, txistorra, txokolatea, hirugiarra ...

ON EGIN!



• TALOA